2021(e)ko martxoaren 22(a), astelehena

POESIAREN NAZIOARTEKO EGUNA

    Kaixo berriz ere!

    Oraingo honetan ekitaldi eta data interesgarri batzuen berri ematera gatoz.

    Jakina den bezala, martxoaren 21a Poesiaren Nazioarteko Eguna da, 1999. urtean UNESCOk Pariseko 30. Konferentzia Orokorrean horrela izendatu zuenetik. Helburu nagusia espresio poetikoaren bitartez aniztasun linguistikoa bultzatzea izan zen, galtzear dauden hizkuntzak bultzatzearekin batera (UNESCO, 2020).

    Egun honek, gizateriaren adierazpenaren, identitatearen eta hizkuntzalaritzaren forma preziatuenetako bat oroitzen du. Historian zehar kultura eta kontinente guztietan erabilia izan den poesiak, gure gizatasun komunaz eta gure balio partekatuez hitz egiten du, poemarik sinpleena elkarrizketaren eta bakearen katalizatzaile boteretsu bihurtuz. Beste hitz batzuetan esanda, elkarrizketen aniztasunaren agerpena da; hitza erabiliz, ideien hedapen askearen agerpena, sormenaren eta berrikuntzaren presentziarekin batera. Mota anitzetako sormenerako lagungarria izan ohi da, hitzak erabiltzeko modua eta errealitatea jasotzeko eta interpretatzeko dugun modua era berritzaile batean egiten delako. Hizkera poetikoak, hortaz, metafora, elkarketa eta gramatika bereziak direla eta, kulturen arteko elkarrizketarako aukera ematen du (UNESCO, 2020).

    Poesiaren Eguna dela eta, mezu hau helarazi zigun Audrey Azoulayk (2020), UNESCOko zuzendari orokorrak:

"La poesía anida en lo más hondo de lo que somos, mujeres y hombres que conviven en el mundo de hoy, abrevándose en el legado de las generaciones pasadas y custodiando este mundo para nuestros hijos y nietos. Al celebrar hoy la poesía, celebramos nuestra capacidad de luchar unidos por la diversidad biológica como “preocupación común de la humanidad” y como parte integral del proceso dedesarrollo internacional." 

     1999ko egun hartatik, mundu guztiko lurraldeetan antolatzen dira urtero poesia oinarritzat duten ekitaldiak. Hauen bitartez, olerkigintzaren irakurketa, idazketa eta argitalpena sustatzen da. Gainera, poetei omenaldia egiteko, ahozko tradizioak berpizteko, poesia eta beste arte batzuen (antzerkia, dantza, musika…) arteko konbergentzia sustatzeko eta hedabideetan poesiaren ikusgarritasuna areagotzeko aukera paregabea da. 

    Gauzak horrela, Euskal Herrian ere Poesiaren Egunak bere lekua hartzen du eta hainbat ekitaldi burutzen dira egun hau ospatzeko. Esate baterako, bihar hasi eta ostirala bitartean, Donostian Poesiaren Astea, Poesialdia, egingo dute Donostia Kulturako hainbat gunetan. Hauek dira burutuko diren ekintzetako batzuk:

  • 22 astelehena: Itxaro Bordak (Iratxe Retolazaren laguntzarekin) bere obra poetikoaren gako nagusiak azalduko ditu eta, aldi berean, zenbait poemaren irakurraldia eskainiko du (Ernest Lluch kultur etxean). 
  • 23 asteartea: Bigara bikote sortzaileko kideek Ulu, ala, ele, Abere ba ikuskizun poetikoa aurkeztuko dute (Viktoria Eugeniako Club Aretoan).
  • 24 asteazkena: Luis Garcia Montero poeta, idazle, kritikari eta irakaslea Itziar Minguez poetarekin solasean arituko da, bere obra eta ibilbidearen inguruan (Ernest Lluch kultur etxean).
    Post honi amaiera emateko, ondorengo poema ekarri dizuegu, gozatu eta haustanartu dezazuen:

Poesia hilda dago baina ez dut nik hil.

Ene hatz mamien markak aurkituko dituzue igual

gorpuaren gainean,

ni badaezpadan inguratu naiz, hilotza

oraindik hil gabe zegoelakoan.

Eskuak gainean harrapatu nauzue baina

berbizitzen entseiatu nintzelako.

Ni heldu naizenerako ez zuen iada konorterik

azken hatsetan zegoen.

 

Batzuetan ene oinetara etortzen zen jolastera.

Nik ez nuen poeta izan nahi.

Nork esan dizue ikusi ninduela? Ni hemendik

paseatzen nenbilen.

Ez dakit nork hil duen, hurreratu naizenean

jendez inguratuta zegoen, hila.

Poeta omen direnetako poeta batek itoko zuen akaso.

 

Ez nazazue preso hartu, ni ez naiz izan,

eta ez zaizkit gartzelak gustatzen.

Zelan ehortziko duzue, gainera, poesia ez da

gereziondo ataut horretan kabitzen,

ekar itzazue egunkari batzu gutienez

tapatzeko…

 

 Poesia hilda dago baina, zin dagizuet, ez dut nik hil.

 

J. Sarrionandia 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

GALTZAGORRI TALDEAREN AGURRA

     Kaixo guztioi!      Ikasturtea amaitzear da eta, ondorioz, bloga agurtzeko momentua ere iritsi da. Bertan Euskara, hezkuntzarako t...