Berriako artikuluan esaten denez, hamar euskaldunetik lauk zailtasunak dituzte euskaraz irakurtzeko eta hori aldatzeko asmotan, "irakurri, gozatu eta oparitu" egitasmoaren hamalaugarren edizioa abian da dagoeneko.
Egitasmo honetan, Hego Euskal Herriko hamaika udalerrietako liburutegiek hartzen dute parte eta lehen pausoa, horietako liburutegi batean euskarazko liburu bat mailegatu eta irakurtzea da. Ondoren, liburua gustukoa izan bada, erabiltzaileak fitxa bat bete dezake liburutegian; fitxa horretan, liburua nori gomendatuko liokeen adierazi behar du parte hartzaileak, eta pertsona horrentzako mezu bat ere idatzi beharko du. Prozesu hori burutzen duten pertsonak, aukeratutako liburu horren zozketan sartuko dira; eta, irabaziz gero, liburu hori jasoko dute (fitxan idatzitako mezuarekin batera), gomendatu nahi zion pertsona horri oparitu ahal izateko. Gainera, aurten bigarren pizgarri bat ere eskaini nahi izan dute: liburuez gain, irakurgailu elektronikoak ere zozketatzea.
Vanesa Gutierrez Maguregi Euskaltzaleen Topaguneko kideak azaltzen duen moduan, lehen plano indibidualistagoan mugitzen zen egitasmoa, baina aurten horrekin apurtu nahi izan dute eta "oparitu" hitza azpimarratu nahi izan dute. Horrekin, irakurketa partekatua nabarmendu nahi izan dute eta elkarrekin irakurtzerakoan sortzen diren emozio horiei indarra eman nahi izan diete.
Azkenik, Vanesa Gutierrezen hitz hauekin amaitu nahiko genuke gaurko sarreratxo hau: "Esan dezakegu emozioetatik datorren denak laguntzan gaituela besteen zapatetan jartzen. Horrela lortzen badugu irakurzaletasuna piztea, ba, aurrera". Egitasmoa bera, eta aurten liburuak gomendatu eta oparitzeari emandako garrantzia, oso ekintza polita iruditu zaigu. Izan ere, ohartu gara guk ere askotan errazago irakurtzen ditugula zenbait liburu oparituak direnak; hau da, gure kabuz agian ez genuela liburu horrekin topo egingo, edota irakurtzeko denbora hartuko, baina inguruko pertsona batek oparitzen digunean, beti irakurtzen ditugula. Hori dela eta, euskarazko liburuak gehiago ezagutu eta irakurtzeko egitasmo egokia dela pentsatzen dugu, nahiz eta Covid-19ak eragindako egoera honetan, agian, aurrera eramateko zailtasunak egon daitezkeen.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina