Berriz ere martxan jarriko da Euskaraldia, gizartearen gune guztietan hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala. Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2018an, 11 egun iraun zituen ariketa sozial honek; aurten, berriz, 15 egunekoa izango da, azaroaren 20tik abenduaren 4ra artekoa. Gainera aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez) parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango da (arigune-en bidez).
Ahobizi izatea aukeratzen duen pertsonak, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo du. Besteak euskaraz ulertzen duen ez dakienean, lehen hitza beti euskaraz izango da; eta pertsona horrek euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dugu. Hau da, gakoa edo helburua ahal den guztietan euskaraz egitea da.
Belarriprest-ak, aldiz, ulertzen duten guztiekin uneoro euskaraz hitz egingo ez dutenak dira. Gutxienekoa euskara ulertzea da. Hala ere, nahi eta ahal beste egin dezake euskaraz; baina besteek euskaraz egin diezaioten eskatuko du. Garrantzia jokaerari emango zago eta ez gaitasunari.
Azkenik, aurten txertatutako ariguneak ditugu. Hauek, euskaraz lasai aritzeko guneak dira eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan (barne ariguneak) edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean (kanpo ariguneak).
Gure iritziz, lehenagoko zenbait sarreretan esan bezala, garrantzitsua da euskara baloratzea eta erabilpenari bultzada ematea. Euskaraldia bezalako egitasmoak egokiak iruditzen zaizkigu eta horregatik, parte hartzera gonbidatzen zaituztegu!
Azkenik, Idoia Trenorren, Bertsozale elkarteko koordinatzailearen, hitzak partekatzen ditugu; euskaraldiarekin lotutako, eta euskararen erabilpenaren inguruko hausnarketa politta iruditu zaigulako, eta haren hitzekin bat egiten dugulako.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina