2021(e)ko martxoaren 30(a), asteartea

DEKALOGOAK

    Kaixo guztioi!

    Aurreko jardueran identifikatutako arrisku eta erronkei erantzuteko eskola eta familiei zuzendutako dekalogo bana proposatuko dizuegu, Internet eta gailu elektronikoen erabilera seguru eta osasuntsua sustatze aldera. Proposamen honek Lehen Hezkuntzako ikasleak hartzen ditu abiapuntu; hauek aurki ditzaketen egoera eta beharrei egokitzen delarik.

    Irizpide hauek eskaintzeko erakunde desberdinek erabilera segurua sustatzeko sortutako gida eta gomendioak aztertu ditugu. Hona hemen horietan oinarrituta sortu ditugun dekalogoak: 

“ESKOLARI BEGIRA” DEKALOGOA (IKASLE ETA IRAKASLEAK)

    • Kontuz sarean idazten denarekin, edozer argitaratu edo bidali aurretik berrirakurri.
    • Segurtasun ohiturak barneratu: ez eman datu pertsonalik sare anitzen bidez.
    • Erasoak pairatzean lasai mantendu, ez erantzun ziberjazartzaileari; hau blokeatu eta konfiantzazko pertsona heldu bati gertatutakoaren berri eman. 
    • Horrelako egoerak gerta ez daitezen lagundu: jarrera kritikoa azaldu, eta aurrez aipatutako kasuren bat behatzean ez hartu parte, baina, ez isildu ezta ere. 
    • Teknologia berriek dituzten arriskuak ezagutu.
    • Pertsonei lehentasuna ematen irakatsi, hauen harremanak pantailen aurretik lehenetsiz. 
    • Sarean ageri den guztia ez sinetsi: gezur eta iruzur ugari daude eta, zenbaitetan, jendea ez da dirudiena.
    • Teknologia berrien erabilera zuzenaren eredu bihurtu: garrantzitsua da sarean egiten  eta esaten denaren arteko koherentzia mantentzea.
    • Sareko jabetza errespetatu: hau urratzea delitua izan daiteke, beraz, doako alternatibak aurkitzen ikastea komenigarria izan liteke.
    • Ez pasa denbora gehiegi ordenagailuaren aurrean.
    • Teknologia berrien erabileraren eta bestelako jardueren arteko oreka: ariketa fisiko eta gizarte harremanei, besteak beste, denbora eskaini.
    • Pantailak erabili behar EZ diren momentuak bereizi: beste pertsona batzuekin egotean, ikasketa momentuetan, jatorduetan, ibilgailu bat gidatzean...
    • Besteekiko begirunea eta errespetua agertu: norbait etiketatu aurretik baimena eskatu, argitaratuko diren kritikak neurtu eta beharrezkoa den kasuetan salatu.
    • Gainerakoen pribatutasuna zaindu: ez argitaratu beste pertsonen datuak horien baimenik gabe.
    • Sareko giro ona sustatu:
      • Pribatutasuna eta intimitatea errespetatu.
      • Eskura dauden baliabideak baliatu gauzak hobeto azaltzeko eta gaizki ulertuak ekiditeko.
      • Lasaitasunez eta indarkeriarik gabe erantzuten saiatu.
      • Gainontzekoei errespetuz hitz egin.
      • Sare sozialen erabilera arauak irakurri eta errespetatu.
ESKOLATIK KANPOKO ERABILERARI LOTUTAKO DEKALOGOA (FAMILIAK, GURASOAK ETA HAURRAK)
    • Interneti, honen erabilera seguruari, eskaintzen dituen aukerei eta arriskuei buruzko oinarrizko formazioa jasotzea ikastaroetan parte hartu. 
    • Erabilera desegoki edo arriskutsuei mugak jarri.
    • Erabilera desegoki batek eragin ditzaken arrisku eta ondorioen inguruan hausnartu.
    • Seme-alabak gertutik zaindu, ziberbullyinga egin eta jasan ez dezaten.
    • Ziberbullying sintomen aurrean aurrean arreta handia izan, soseguz erantzun eta seme-alabekiko komunikazioan enpatiari eutsi.
    • Denbora eta informazioa gurasoekin partekatu. Noizbehinka, sarean elkarrekin nabigatu eta erabilera jarraibide egokiak irakatsi.
    • Baimenduta dagoenari eta ez dagoenari buruz solastu.
    • Teknologia berrien erabileraren inguruko eredu ona izan.
    • Baliatzen diren sareko orrialdeetan interesa adierazi, betiere, seme-alaben pribatutasuna errespetatuz.
    • Teknologia berrien erabilerari dagokion seme-alaben pribatutasunaren babesa sustatu. 
    • Interneten ageri denaren aurreko pentsamendu kritikoa bultzatu.
    • Ziberbizikidetza eta netiketa arauak irakatsi.
    • Gailu elektroniko eta Interneten erabilerarako arauak eta ordutegiak finkatu. 
    • "Uharte digitalak", hau da, teknologia berrietatik libre dauden edo WIFI gabeko espazioak ezarri.

    Ikasleen eragile nagusienetarikoak garen eta gure xede nagusia hauek bizitzarako prestatzea den heinean, interesgarria litzateke alfabetatze digitala bermatzea ez ezik, sare eta gailu elektronikoen erabilpen egokia sustatzea eta, horretarako, oinarrizkoa den formazioa izatea edota irizpideak ezagutzea. 

    Besterik gabe, baliagarria izango zaizuelakoan; beste batera arte!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

GALTZAGORRI TALDEAREN AGURRA

     Kaixo guztioi!      Ikasturtea amaitzear da eta, ondorioz, bloga agurtzeko momentua ere iritsi da. Bertan Euskara, hezkuntzarako t...