2021(e)ko apirilaren 23(a), ostirala

APIRILAREN 23a: LIBURUAREN EGUNA

    Gaur, 2021eko apirilaren 23an, liburuaren eguna ospatzen da; zeinak bereziki oihartzun eta garrantzia handia duen Katalunian.

    Bertako elezaharraren arabera, heroi batek printzesa dragoi baten eskuetatik salbatzea lortu zuen, honen odoletik arrosa bat sortuz eta, honela ongiaren gailentze zein maitasunaren sinbolo bihurtuz. Kontakizun honetan oinarrituta, urtero, Sant Jordi deritzon data honetan arrosak eta liburuak oparitzeko ohitura dago han.

    Kontakizun honek maitasun erromantiko eta sexistaren zantzuak dituela deritzogu; hori dela eta, ez zaigu guztiz egokia edo polita iruditzen egungo gizartean sustatu nahi diren balioekin talka egiten baitu. Hala ere, liburuak oparitzearen ideia interesgarria izan liteke eta Euskal Herrian ere honi tokia egin zaiola dirudi.

    Aurreko sarreretan aipatu dugun bezala, egun, irakurzaletasuna egoera kritikoan dago; bestelako afizioak, batez ere, ikus-entzunezkoak gailendu baitira gure artean. Horrez gain, kultura eta liburuekiko interesa ez litzateke gaurko egunean antolatzen diren ekintza berezien bidez soilik sustatu behar; egunerokotasunean bultzatzeko erronkan oinarritzen baita horren arrakasta. Baina, egia da aitzakia helburua erdiesteko baliagarria bada, ongietorria dela.

    Honekin guztiarekin bat eginez, udalerri desberdinetan eguna liburu artean ospatzeko ekintza anitzak antolatu dira.  Adibidez, DonostiaKulturak apirilaren 20tik 26ra bitartean herriko liburutegi eta kultur etxeetara gerturatzen diren pertsonei irakurketa ardatz duten ekimenetan parte hartzeko aukera eskaintzea ez ezik, Miren Asiain ilustratzaileak sortutako orri-markatzaileak ere oparituko dizkie.

    Aukera ona izan daiteke eskoletan gai honi eusteko eta familien inplikazioarekin batera izaera honetako ekintzetan parte hartuz haurrengan liburuekiko interesa piztu eta elikatzeko. Beraz, anima zaitezte eta parte hartu, seguru gustatuko zaizuela eta!

    Hurrengora arte!

JOSEBA SARRIONANDIAREN ITZULERA

    Atzo jakin ahal izan zen bezala, Joseba Sarrionandia euskal idazlea Euskal Herrira bueltatu da berrogei urte iraun duen erbestea eta gero.

    Gure hizkuntza eta kulturari ekarpen anitzak egin dizkion autoreak 1985ean Martuteneko Kartzelatik ihes egin zuen Iñaki Pikabea adiskidearekin batera. Bertan ETAko kide izatea leporatuta sartu zuten eta bere alde egiteak oihartzun handia izan zuen, bereziki, hori egiteko modua oso xelebrea izan zelako.

    Kartzelan bertan antolatu zen kontzertu baten aitzakiarekin, taldearen bafleetan sartu eta bertatik ihes egin zuten, Kortatu taldeak sortutako Sarri Sarri abesti ezaguna sortzea eraginez. Geroztik, 2006. urtera arte haren helmugaren berri ezer gutxi jakin zen, bere liburuekin gertatu ez den bezala.

    Kuban bizi izan da ordutik, Habanako Unibertsitatean klaseak ematen. Baina, inoiz ez dio utzi liburuak argitaratzeari. Horien artean, azkenak, Gauzak direna balira (2020) deiturikoak, arrakasta handia izan zuen Durangoko Azokan.

    Itzulerari dagokionez, autoreak azaldu bezala, ahalik eta diskretuena izaten ahalegindu da, baina, sutautsa bezala zabaldu da albistea eta ezagun askok ongi etorria adierazi diote. Joan-etorriak egoera arrotzetan egiten dituen hau familia eta lagunak bisitatzera bueltatu omen da eta guztia oso desberdin antzematen duela aipatu du, baina, gustura dagoela.

    Bere lanek balio literario ukaezina dute, horien bidez irabazitako sariak ere anitzak baitira. Beraz, horien berri izan eta irakurtzera animatzen zaituztegu; ez zarete damutuko!

2021(e)ko apirilaren 20(a), asteartea

DEKALOGOA - Iratxe Oiartzabal eta Maialen Agirre.

    Kaixo, guztioi:

    Internet eta teknologia berriak gaur egungo bizitzaren parte bihurtu dira, ezinezkoa zaigu mundua ulertzea teknologia berri hauen erabilerarik gabe. Eskola egungo gizartearen isla den heinean, bertara ere iritsi dira eta ezinbestekoa da hauek dakartzaten arriskuak eta aurre egiteko irizpideak ezagutzea. Horretarako, Interneten erabilera egoki baterako jarraitu beharreko alderdien dekalogo bat prestatu da, erabilera seguru eta osasuntsua sustatzeko helburuarekin.

 


ESKOLAKO TESTUINGURUAN:

  • Interneten alderdi positiboak eta aurki daitezkeen mehatxuak ezagutu.
  • IKTen erabilera egokia sustatu. 
  • Portaera onaren arauak errespetatu behar direla azpimarratu.
  • Teknologia berrien erabileraren azterketa egin, nabigatzeko ohitura onak eta txarrak hautematen laguntzeko.
  • Teknologia berriak eta sare sozialak gertuagotik ezagutu, eta berorien oinarrizko elementuak ikasi.
  • Esplizituki informazio pertsonala ez ematen erakutsi.
  • Sarean jabetza eta lizentziak errespetatzea eskatu.
  • Sextingaren inguruko prebentzioa landu: pribatutasunaren kultura helaraziz, konfiantza giroa sortuz eta datu pertsonalak jendaurrean jartzean dauden arriskuez jabetuz eta baloratuz.
  • Sareko indarkeria motak ezagutu eta hauei aurre egiten ahalegindu: indarkeria jasaten duten biktimekiko elkartasun-konpromisoa garatu.
  • Zibereskubideak zein diren ezagutu.
  • Sarean arazoren bat duten pertsonekin enpatiarako eta asertibotasunerako abileziak landu.
  • Familia-ingurunearekin harremanetan egon etengabe.
  • Teknologia berriak eskola-curriculumean txertatu zeharka, esparru horretan hezitzailearen eta ikaslearen artean dagoen tartea murrizten eta normaltasunez jokatzen saiatuz.
  • Ikastetxean, lege-esparruak ezarri ikasleekin batera, Internet erabiltzeko arauak eta arau etiko eta moralak finkatu ahal izateko.

 

ESKOLATIK KANPO (etxean):


  • Seme-alabek sarean aurki ditzaketen arriskuak zein diren irakatsi: eredu gisa jokatu, sarean ondo dagoena eta gaizki dagoena (bizitza errealean bezala) bereizten irakatsi.
  • Nabigatzen lagundu: aukerez elkarrekin gozatu, zalantzak partekatzera animatu, komunikazio-ohitura egokiak sustatu.
  • Ahalik eta segurtasun-ohitura zorrotzenak izan (informazio pertsonalaren inguruan): seme-alabek ezezagunekin informaziorik trukatzen ez dutela zaindu.
  • Sarean dituzten lagunez arduratu, aurrez aurrekoekin egiten den bezalaxe. 
  • Betetzen errazak diren familia-arauak ezarri eta bete direla ziurtatu, lehen unetik errutina bihurtuz.
  • Adingabearen Interneterako konexio-denbora zaindu, aldian-aldian ordenagailua nola erabiltzen duten egiaztatu.
  • Erabiltzaile-kontu mugatu bat sortu, adingabea sistema eragilera sartzeko. Komenigarria da ordenagailuetarako sarbide pertsonalizatua sortzea.
  • NETIQUÉTATE bezalako proiektuetan parte hartzera animatu: ziberbizikidetza eta sareaz gozatzea errazten duten jokabide onetan oinarritu eta modu positiboan partekatzeko portaera-jarraibideak ezarri.

 


    Amaitu aurretik, esan beharra dago dekalogo honetako irizpideetako askok eskola barruan zein kanpoan, bietan, erabiltzeko balio dutela.

 

    Baliagarria zaizuelakoan, ongi izan!

 

Internet, teknologia berriak eta sare sozialak ez dira ez onak, ez txarrak; eskaintzen dituzten abantailak edo desabantailak tresna horietaz egiten dugun erabileraren araberakoak dira.

2021(e)ko apirilaren 10(a), larunbata

MATERIALEN ERABILERA ESKUBIDEAK - Iratxe Oiartzabal

    Kaixo!

    Gaurkoan, IKT irakasgaiaren mundu zabal honetan, fokua materialen erabilera eskubideetan eta lizentzietan jarriko da. Horretarako eta gai hau aztertzea helburu, nire ikaskideek aurrez azaldutako ildoari jarraiki, ondorengo Power Pointa duzue eskuragarri:



    Ongi izan!

GALTZAGORRI TALDEAREN AGURRA

     Kaixo guztioi!      Ikasturtea amaitzear da eta, ondorioz, bloga agurtzeko momentua ere iritsi da. Bertan Euskara, hezkuntzarako t...