Literatura-sorkuntzari dagokionean, euskal literaturak ondo eutsi dio pandemiaren urteari. Izan ere, 2020ko produkzioa aurreko urtekoa baino urriagoa izan bada ere (298 izenburu, 2019ko 345en aldean), eleberriek eta poesia liburuek gora egin dute. Gauzak horrela, eleberria, ipuina, poesia, saiakera zein haur eta gazte literatura aintzat hartzen dituen erregistro-multzoak, euskal literatura-sortzaileek eta argitaletxeek pandemiako lehen urteari nahiko ongi eutsi ziotela erakusten du, batez ere eleberrigintzari eta poesiari dagokienez.
Juan Luis Zabalaren sailkapenean kontuan hartzen diren gainerako arloetan, 2019koaren azpitik gelditzen da 2020ko produkzioa, kasuren batean berdinketaz hitz egitea egokiagoa bada ere. Modu nabarmenean, esaterako, ipuin-liburuen kasuan, non ia erdira jaitsi zen kopurua. Izan ere, 17 narrazio-liburu argitaratu ziren 2019an, eta bederatzi besterik ez 2020an. Haur eta gazte literaturak ere lan ugari ekarri ohi dizkio euskarazko literatura-sorkuntzari; aurreko urteko kopurua ia-ia berdindu egin zen 75 libururekin, aurrekoan baino bat gutxiago.
Beraz, datuak aztertu ostean, garbi dago oraindik ere euskal literaturaren aldeko apustu nabarmena egiten dela eta, literatura-kontsumitzaile garen heinean, guk ere bide horretan aurrerapausoak ematen jarrai dezakegula. Alde batetik, guk ere literatura mota hau kontsumituz; eta bestetik, gure geletako ikasleak euskal literatura irakurtzera animatuz.
Haur eta gazteengan euskal literatura sustatzeko, euskal produkzioak bultzatzeko, euskararen erabilerari indarra emateko eta irakurzaletasuna sustatzeko, hainbat lehiaketa edota egitasmo martxan jartzen dira urtero. Gaurkoan, Elkar argitaletxeak argitaratutako lehiaketa baten berri eman nahi dizuegu (apirilaren 12ra arte parte hartzeko epea irekita dagoenez, norbaitek bere gelako haurrei egitasmo honen informazioa emateko eta bertan parte hartzera animatzeko aukera izango du).
Hamahirugarren aldiz, Elkar Fundazioak Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa bat antolatu du. Aurten, haur txikienek Lur Gallastegik idatzitako Munduari bira pastel batean ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute —LH 4tik beherakoek—. Helduagoek, berriz, Adur Larreak sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina. Azkenik, komiki ala binetaren atalean, Bizitza itsasontzian gaia izango dute ardatz gazteek beren lanak sortzeko. Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sariez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak ere izango dira aurten. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzako saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte hartzaileetako bat.
