2020(e)ko irailaren 30(a), asteazkena

IKT-ak HEZKUNTZAN

            Gaurkoan, eskoletan IKTak lantzeko erabiltzen diren material ezberdinak aztertuko ditugu; gehien nagusitzen diren materialak arbela digitala, ordenagailua eta tableta direlarik eta baliabide ezagunenak, ordea, YouTube, blogak eta Symbaloo. Hauek ikasleekin egunerokotasunean ariketak egin, ipuinak kontatu eta abesteko erabiltzen dira. Ondo erabiliz gero, aproposak dira, baina, beti ere pertsonan egiten diren ekintzen gehigarri gisa erabiltzen badira, egunerokotasuneko jarduerak osatzeko eta aberasteko. 

IKTek gaur egun duten garrantzia ezin uka daiteke, batez ere, gaur egun bizi dugun egoera honetan, irakasgaiak ordenagailu bidez bakoitzak bere etxean lantzen ditugun garaian, alegia. Baina, egia da, gainerako gauza guztiek bezala, bere alde on eta txarrak dituztela. 

Orokorrean, alde on gisa proiektu edo jarduera baterako behar dugun informazioa modu azkarrean lortzeko eta ariketa dinamikoak egiteko balio dutela azpimarratu nahiko genuke, baita interesa eta motibazioa pizteko ere. 

Bestalde, praktikaldietan ikusi duguna eta material hauetan aztertu duguna oinarritzat hartuz, ohartu gara askotan eskuz egiten diren gauzak ordezkatzen dituztela eta lehiakortasuna edo IKT-ekiko menpekotasuna sor dezaketela; zeinak ez diren, inolaz ere, hezkuntza sistemak bideratu nahi dituen helburuak. Erabilpen desegokiaren adibide izango lirateke geziekin lotzeko ariketak edota hutsuneak betetzea bezalako jardunak. Izaera honetako ekintzek pentsatu gabe erantzutea eta zuzena dena lortu arte aukera guztiak frogatzea eragin dezakete; arreta, ikaskuntzan baino gehiago, amaitzen lehenak izatean jarriz.

Beraz, aurrez aipatu dugun bezala, COVID-19aren ondorioz, gizarte gisa, egoera berezi bat bizitzen ari gara eta honetara moldatzen eta egokitzen jakin behar dugu, baita ikastetxeetan ere. Guri, pertsonalki, online bidezko irakaskuntza ez zaigu asko gustatzen, pertsonen arteko interakzioa gutxituta ikusten delako, ikaskuntza esanguratsua zailtzen duelako eta IKTek arazoak eman ditzaketelako. Baina pairatzen dugun egoera honetan aukera bakarra dela ikusirik, baliabide hauek eskura izatea, hauekiko formakuntza jasotzea eta, modu kritiko zein esanguratsuan, erabiltzen jakitea garrantzitsua iruditzen zaigu; ikasleei ezagutza hauek guztiak helaraztearekin batera.

2020(e)ko irailaren 29(a), asteartea

NOR GARA?

Kaixo!

Galtzagorri taldea gara eta hau Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako fakultatean Lehen Hezkuntzako Gradua ikasten dihardugun hiru ikaslek osatzen dugu; Iratxe Oiartzabal, Ane Oyarzabal eta Malen Uribeetxeberriak, alegia. 

Duela bi urte, 2018/2019 ikasturtean, Haur Hezkuntzako gradua bukatu genuen Heziketa Bereziko minorrarean espezializatuz; eta orain, berriz, Lehen Hezkuntzako Gradua bukatzen ari gara, Euskarako, hezkuntzarako tresna deritzon minorrean. 

Blog hau Hizkuntza eta Teknologia: Baliabideak deitzen den irakasgaiko proiektu nagusienetakoa izango da. Bertan, ikasturte osoan zehar landutako gaiak, proiektuak, hausnarketak, albisteak eta bestelako jarduerak partekatuko ditugu eta hau, pixkanaka, elikatzen joango gara.

Zuen gustukoa izatea espero dugu!

GALTZAGORRI TALDEAREN AGURRA

     Kaixo guztioi!      Ikasturtea amaitzear da eta, ondorioz, bloga agurtzeko momentua ere iritsi da. Bertan Euskara, hezkuntzarako t...